domingo, 18 de diciembre de 2011

Etorkizuneko lanerako posibilitateak ikasketen aukeraketa baldintzatzen dute



Lan mundura sartzeko zailtasunen aurrean, ikasketa praktikoagoak lehenesten dira gizarte arlokoen aurrean

Maite TXINTXURRETA

Garaiak aldatu egiten dira, eta hauekin batera jendearen etorkizuneko itxaropen eta nahiak. Gero eta ikasketa maila handiagoak behar dira bizitzeko lain emango duen lan bat lortzeko. Hori dela eta, unibertsitate eta heziketa zikloetako ikasle berriek lan aukera gehien dituzten ikasketak aukeratzeko joera izaten dute.

 
Azken urteotan, gero eta gehiago ari da hedatzen gazteek lanera bideratutako ikasketak burutzeko joera. Eustat-en azken datuen arabera, magisteritza izan da aurten gehien eskatutako gradua. Izan ere, bostmila eta bostehun pertsona baino gehiago izan ziren matrikula-eskaeran lehen aukera bezala jarri zutenak. Bestalde, ohikoa den bezala, enpresa zuzendaritzako graduan ere, matrikula eskaerak bostmila pertsonatik gora izan zituen.

Azken datuak
Euskal Herriko Unibertsitateak 2010-2011 ikasturtearen memoria izeneko txostena argitaratu zuen azaroan. Bertan ikus daitekeenez, irakaskuntza eta osasungintzarekin lotutako graduak dira azkenaldian arrakasta gehien irabazten ari direnak. Hauek dira, hain zuzen ere, gaur egun irteera profesional ziurrenak dituztenak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campusa
Irene Larrañaga medikuntza graduko bigarren mailako ikaslea da. Ikasketa hauek aukeratzearen arrazoiak azaldu ditu: “edukiak interesgarriak edukitzen zitzaizkidalako eta lana ere gustatzen zitzaidalako; gainera, ziuraski lan finkoa lortu ahal izango dut”.

Ikasle bezala urte asko geratzen zaizkion arren, Irenek gradua amaitzean lana izatea espero du. Bere klasean 90 pertsona daude, eta maila berean beste berrehun ikasle ari dira erdaraz ikasten.

Testuinguru berria
Kontuan izan behar da Bolonia plana abian jartzearekin batera, selektibitatea ere aldatu egin dela. Izan ere, orain 14 puntukoa da atera daitekeen notarik hoberena. Horren ondorioz, graduetara sartu ahal izateko gutxieneko notak ere gora egin du. Selektibitate berriarekin, medikuntza ikasketak burutzeko notaren batezbestekoa 11tik gorakoa izan da aurten estatu mailan.

Selektibitateko azterketa
Leire Balanzategi berriz, Bergarako Aranzadi Ikastolako ikaslea da. Batxilergoko bigarren maila egiten ari da orain, eta datorren kurtsoan gizarte-langintzako heziketa ziklo bat egin nahi du. Aukeraketa hau egiterakoan ez die etorkizuneko lan-aukerei erreparatu. Bere ikaskideei dagokienez, arrakasta gehien izaten ari diren unibertsitate mailako ikasketak magisteritza, kirol-zientziak eta ingenieritzak dira. Goi mailako heziketa zikloak hautatu dituztenen artean berriz, administraritza nagusi dela adierazi du.

Gizarte ikasketak, aukera marginala
Esan bezala, lanera bideratutako ikasketak bultzatzen dira gehien azkenaldian. Bolonia planak oraindik gehiago areagotu du joera hau, gizarte arloko ikasketen kaltetan.

Ainhoa Narbaiza Euskal Herriko Unibertsitateko soziologia ikaslea da. Honakoa adierazi du bere ikasketei buruz, “Gizarte arazoak eta honen inguruko ikerketak interesgarriak iruditu zaizkit, eta soziologiarekiko kuriositatea nuenez, gradu hau hautatu nuen”.

Ainhoarekin batera beste hamahiru ikaskide ari dira bigarren mailan soziologia euskaraz ikasten. Iaz gehiago izan ziren arren, hauetariko askok utzi egin zuten. Izan ere, Ainhoak esan duenez, jende askok zerbait ikastearren hautatzen du soziologia. Beste askok aldiz, nahi zuen graduan sartu ezin izanagatik.

Ainhoak adierazi duenez, egia da ez dagoela lan-eskaintza handiegirik arlo honetan. Hala ere, interesa jarri ezkero, lana topatzea posible dela dio.


Juan Madariaga, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, gizarte ikasketen ezaugarriak azaltzen

Beraz, datu hauekin ondorioztatu daitekeen bezala, gizarte ikasketak indarra galtzen ari dira. Lanari garrantzia handia ematen zaio ordea, eta sarritan faktore garrantzitsua izaten da matrikulazioa egiterako orduan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario