Gipuzkoako udal gehienek bankuekin hartutako kredituak dituzte ordaintzeko; horrez gain, Foru Aldundiari 44 milioi itzuli behar dizkiote
S. Velte
Berriak dira Urola Kostako udal gobernu gehienak; ekainetik dihardute euren karguetan, eta ez dute urterik samurrena aukeratu lanean hasteko. Aurrekontu askotan topatutako «zuloaz» mintzatu izan dira hainbat udal gobernu, eta, aurreikuspenen arabera, zorrarekin amaituko dute urtea Gipuzkoako herrien %73k.
Azoka eta udaletxe berria |
Udalek bi diru iturri nagusi dituzte: alde batetik, zergak eta tasak, eta bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalen Foru Funtsetik urtero ematen dien diru partida. Krisiarekin, zerga bidez bildutakoa ez da hazi, eta Foru Funtsetik jasotakoa ere aurreikuspen baikorregietan oinarrituta kalkulatu zuten; orain, udalek 44 milioi euro itzuli behar dizkiote Foru Ogasunari. Guzti horrekin ari dira udalak datorren urteko aurrekontuak diseinatzen; askok urtea defizitarekin amaituko dute, eta 2012an gastuak nondik murriztu asmatu ezinik dabiltza.
Zarautzek, esaterako, 23 milioi euroko zorrarekin amaitu zuen 2010. urtea. Aurtengorako, zorra 21 milioitara jaisteko asmoa zeukan hango udalak, baina ziurrenik iazkoaren pare geldituko dela azaldu du Iñaki Eizagirrek, Zarauzko Udaleko Hirigintza, Ogasun eta Finantza zinegotziak: «Beste herrietan ez dakit; Zarautzen kasuan, aurrekontuak ez dira beteko. Sarrerak puztu egin zituzten, eta gastuak betetzen ari dira». Onenean ere, zorra «pixka bat» jaitsiko dela argitu du, aurreko udal gobernuak abiatutako proiektu batzuk bertan behera gelditu direlako.
Zarauzko Udalak zazpi kreditu ditu ordaintzeko, bost finantza erakundetan. Horietatik lau, 2018rako amortizatu behar ditu; beste hirurak, 2022rako, 2024rako eta 2025erako. Zarauzko Udalak egindako kalkuluen arabera, urtero- urtero bi milioi euro eta erdi bideratu beharko lirateke zor hori dagokion epean ordaintzeko: «Derrigortuta gaude, hemendik hamar urtera arte, urtero-urtero gure sarreren %10 bankuei ordaintzera».
Udalak saldu ezin dituen lokaletako bat |
Aurreko udal gobernuaren kudeaketa txarrari egotzi dio errua Eizagirrek. Izan ere, 2008an 11 milioi euroko kreditu bat hartu zuen ZarauzkoUdalak: «Segun eta nori galdetzen diozun, esango dizu diru horrekin udaletxeko eraikin berria, azoka eta Eguneko Zentroa egin zirela». Zinegotziak azaldu duenez, ordea, proiektu horietarako sei milioi euro baino ez zituzten erabili, eta gainontzekoa «aurreproiekturik ere ez daukan » egitasmo batera eta «inork nahi ez dituen lurrak erostera» bideratu zuten. «Udal langileen soldatak ere ia milioi batekoak ziren; orain 400.000 euro ingurukoak dira. Liberazioak finkatu genituenean %42 jaitsi genituen», esan du Eizagirrek.
Epe luzerako hipoteka dauka Zarauzko Udalak, eta urtez urte ordaintzen joan nahi badu, lehenbailehen hasi beharko du neurriak hartzen. Nondik aurreztu asmatzea, ordea, ez da batere erraza. Eizagirrek azaldu duenez, zorrotzago aztertuko dituzte udaleko zerbitzuak, eta horien berrantolaketa egingo dute: «Funtzio batbetetzeko oinarrizko lanerako bideratuko da dirua, baina ez hortik kanpo dagoen inolako zerbitzurik betetzeko. Gauzak egingo dira, funtzionatzen jarraituko dute, baina gehiegikeriarik gabe».
Hobeto ere ez da ondo
Zarautz herri zorpetuenetako bat da, baina ez bakarra. Aurrekontuetako gorabeherak herri txikietan nabaritzen dira gehien. Errezilgo zorra, esaterako, bere tamainako herrien ohiko mugen barruan zegoen duela bost urte, %6 inguru. Aurreikuspenen arabera, %13,6an amaituko du aurtengo urtea; 830.000 euroko zorrarekin, hain justu. Koldo Arzallus Errezilgo Udaleko Ogasun eta Finantza Batzordeko kideak azaldu duenez, aurreko agintaldian egindako hainbat inbertsiok ekarri dute egoera hori: «Inbertsio txikiak dira, baina izugarrizko arazoak sortu dituzte aurrekontuak koadratzerako garaian». 2012ra begira, badakite sarrerek ez dutela gora egingo.
Dirua aurrezteko, bukatzera doan lan hitzarmen bat ez berritzeko aukera ari dira aztertzen. Azpikontratatutako zerbitzuetatik ere aurreztu dezaketela uste du Arzallusek: «Orain azpikontratatutako enpresek egiten dituzten lan batzuk auzolanean planteatu nahi ditugu».
Gipuzkoako 88 udalen artetik, hamalauk batere zorrik gabe amaituko dute urtea. 2.000 biztanletik beherako herriak dira horietako 11; beste hirurak Orio, Zumaia eta Hondarribia dira. Iñaki Arrizabalaga Zumaiako alkateak azaldu duenez, 2009tik gelditutako soberakin bat erabili zuten iaz inbertsioak egiteko: «Gaur egun ez daukagu zorrik, baina geldikin asko ere ez dago». Gainera, udalarena den Zumaia Lantzen S.A. enpresak lau milioi euroko mailegua eskatu behar izan du, eta guzti horrek udalaren jarduna mugatuko du: «Inbertsio handienak iaz egin genituen, beraz, derrigortuta ez gauden guztia bertan behera laga dugu».
Foru Funtsaren auzia
Udalen diru iturri nagusi bat aldunditik iristen zaien Foru Funtsa da. Diputazioak, bere bilketa aurreikuspenen arabera, diru kopuru bat bideratzen du udal bakoitzera, haren ezaugarriak kontuan hartuta. Herri batzuentzat finantzazio iturri garrantzitsua da hori; Zarautzen kasuan, esaterako, sarreren %40 inguru hortik datoz.
Sistema horrek daukan arazoa da banaketa prospekzioen arabera egiten dela, eta likidazioa, bilketa errealaren arabera. Aurten, espero baino diru gutxiago bildu du Foru Ogasunak, eta beraz, udalek dirua itzuli beharko diote; guztira, 44 milioi euro. Urte luzez, udalek etekin handia atera izan
diote arrisku partekatuko sistema horri, baina krisi garaietarako ez du balio, Javi Vitoria Donostiako Udaleko Ogasun delegatuak azaldu duenez: «Zu gastatzen hasten zara sarreren espektatibaren arabera, eta azkenean esaten dizute: ‘Esan genizuen 111 milioi izango zirela, baina azkenean 102 milioi izango dira. Urrian esaten dizute hori, eta berehala hasi behar duzu murrizketak egiten; bestela, zama bat da datorren urterako».
No hay comentarios:
Publicar un comentario