viernes, 30 de septiembre de 2011

Udalak, zorretan itota

Samara Velte

Igaro dira udal talde berriei emandako konfiantzazko lehen 100 egunak. Eta hainbat herritan egin dute ehun egun horien balantzea: konfiantzarik merezi ez zuena aurreko udal gobernua zen. Herri gehienetan, uste baino zor handiagoak topatu dituzte.
Zarauzkoa (Gipuzkoa) da kasu nabarmenetako bat: ekainean, oraindik udal taldeak osatzeke zeudela, aurreko gobernuko Ogasun zinegotzi Jon Burgañak (Hamaikabat) lasai azaldu zuen Zarauzko Udalak “arrazoizko zorpetze maila” zeukala. Orain, Bilduko udal taldeak gezurtatu egin du: “Egoera oso larria” dela, eta aurreko udal gobernuak “arduragabekeriaz” jokatu zuela adierazi dute lehen ehun egunetako balorazioan.
Zarauzko Udaleko osoko batzarra

EAJk eta Hamaikabatek gobernatutako gobernuak bi urte baino ez zituen behar izan zorra bikoizteko: 2008an 11 milioi euroko defizita zuen, eta 2010ean 23 milioikoa. Ordurako, Gipuzkoako laugarren herririk zorpetuena zen.
Udala dagoeneko hasi da gastuak murrizten, baina galdera da zenbaterainoko autonomia geldituko zaion finantza arazoak konpontzeko: herritarrek ordaindutako zergen %9 baino ez doa udalera, eta gaineko erakundeen egoera ere ez da desberdina: duela bi aste ohartarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatu Helena Francok Diputazioak guztira 1.753 milioi euroko zorra duela. Horrek hainbat inbertsio bertan behera uztera derrigortuko ditu erakundeak, eta diru publikoaren kudeaketa apalagoa egitera.

lunes, 26 de septiembre de 2011

Alemaniaren hazkunde indartsua


Alemaniako Bundesbankek, banku zentrala, hirugarren hiruhilekoan Alemaniako barne produktu gordinak hazkunde indartsua izango duela aurreratu du. Iraileko txostenean dio industriako ekoizpena asko hazten ari dela eta eraikuntza sektorea sendotu egin dela. Barne kontsumoak ere hazkunde nabarmena izatea espero du, bigarren hiruhilekoan izandako jaitsieraren ostean.
            Herri honek hazkunde indartsua espero du eta alde batetik hemendik joan diren ikasle zein langileei esker izango da. Asko dira hemengo unibertsitatetik irten bezain laster Alemaniara praktikak edo lan egitera joan diren gazteak. Argi dago herrialde honek gauzak ondo egiten dituela eta urte asko daramatela berain ekonomia hobetzen. Hori lortzeko gure herrian ikasten eta prestatzen diren ingeniari, mediku, ekonomista, etab joan izan dira, eta ez bakarrik Euskal Herriko ikasle honenak baizik eta beste herrietako buru argienak ere. Jende hau Alemanian soldata hobeagoak, pisuak eta erraztasun guztiak jasotzen dituzte eta hor dauden enpresak prest daude hemengo ikasle hoberenak hara eramateko.
Hau honela jarraituz herri indartsuak indartsuagoak egingo dira eta hemengo enpresa handienak ez dute hainbeste haziko. Arazo hau konpontzeko aukerak bilatu behar dira eta egin behar duten lehenengo pausoa hemengo ikasleei aukera on bat ematea izango litzateke. Gure herrian prestatu diren ikasleei hemengo enpresatan aukerak ematea eta  zu ikasi duzun lanposturako beste herri batera joateko beharra ez sortzea.

Gipuzkoako ostalariak krisia jasaten


Pasadan astean eduki zuten batzarra Gipuzkoako ostalaritza elkartea eta sektore honen sindikatuak, azkenengo lan hitzarmenarekin oso konforme ez zirelako gelditu eta aldaketak nahi dituztelako. Sindikatuek 0,75%ko soldaten igoera eskatzen dute, baita hobekuntza ekonomiko gehiago eta lanordu gutxiago ere. Bestalde ostalaritza elkarteak dioenez, krisia nabaritzen ari da eta ezin dute horrelako igoerak baimendu.
            Sindikatuen argudioak oso argi daude, aurten KPIaren 0,5% igotzen badute eta 2013an KPIaren 0,75% ,ostalariek erosahalmena galduko dute. Proposamen hauekin azken 20 urteetako tzarrenak iruditu zitzaien sindikatuei. Beste aldean, ostalari elkarteak dio 2008ko apiriletik negozio bolumena 16% jaitsi dela eta orreri aurre egiteko soldatak igo ezin direla. Beraiek lan postuak mantendu nahi dituzte baina soldatak mantenduz.
            Honekin heldu gara betiko arazora, zure nagusiak diru gehiago irabazi nahi duenean edo gutxienez berdina, eta sartzen den dirua areagotzen ez denean. Langileen  bizitza garestitzen denez, langileek ere diru gehiago behar dute, eta hemen nork daukan arrazoia ez dago oso argi baina erabakia ze aldera joko duen garbiago ikuz dezakegu.


domingo, 25 de septiembre de 2011

Gizarte laguntzak eskuratzea, zailagoa


Abenduan hiru urte beteko dira Eusko Legebiltzarrak gizarte laguntzen sistemaren moldaketa onartu zuenetik gizarteratzeko eta diru sarrerak bermatzeko legearen bidez. Zailtasun ekonomikoa dutenek eskatzen duten laguntza da diru-sarrerak bermatzeko errentarena, soldatarik ez dutenek edota soldata txikia dutenek eskatzen dutena. Gaur egun, erkidegoan 53.000 familiak dute dirulaguntza horren beharra. 2006an, 29.000 baino gutxiago ziren.
Gemma Zabaleta, Lan Sailburua
Joan den urte amaieran legea aldatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak gizarte laguntzen kudeaketa Lanbide euskal enplegu zerbitzura eramateko helburuaekin eta tramite hori baliatuta onuraduna izateko bete beharrak gogortzea proposatu zuen PPk. Diru sarrerak bermatzeko errenta kobratu ahal izateko Araba, Bikaia eta Gipuzkoako udalherriren batean 5 urtez erroldatuta egon izana nahi zuen PPk eta azkenean, eskaera 3 urtekoa izatea ontzat jo zuen PSEk. Hiru urtez erroldatuta egon ez direnek, laguntzarako eskubidea izango dute baina horretarako 5 urteko lan ibilbidea egin dutela frogatu beharko dute. Gizarte segurantzako lan bizitzaren bidez hego euskal herrian edo espainian lan egin izanak balioko du. Baldintza gehiago ere izango dira, esaterako:
-       Lanbidek egindako enplegu eskaintza bati uko egiten dioten onuradunek laguntza galduko dute.
-       Soldata eskasak errentarekin osatu nahi dituzten langileek kontratua aurkeztu beharko dute.
-       Lanean edo formakuntzan ez daudenek gizarte lanetan lagundu beharko dute premia egoeretan.
-       Lan kontraturik sinatzen ez duten ugasabak zigortu egingo ditu lan sailak.
Gemma Zabaleta Lan Sailburuak uste dut aldaketa horiek gauzatuz gero ez direla eskubideak murriztuko. Ezker Batuak eta EAk ordea, lege ekimena kritikatzen dute, gizarte babesean atzerapausoa dela argudiatuta. Gipuzkoako gizarte politikako ahaldunak, Ander Rodriguezek, proiektua gelditzeko eskatu zuen.

Komertzio txikia defendatzen


Bergarako harategi bat

Bergarako Dendarien Elkartea (Bedelkar) 1994. urtean sortu zen. Herriko ehun bat komertziok osatzen dute elkarte hau, eta beraien asmoa dendari txikien lana guztien artean babestea eta zaintzea da.

Puy Garcia bergarako Jauja kirol dendaren jabea eta Bedelkar-eko partaidea da. Bere esanetan, hipermerkatu eta saltoki handiek min handia egin diote komertzio txikiari. Izan ere, denda txikiek herriei bizitza ematen die, eta bezeroei konfidantzazko tratua eskaini diezaiokete, hiri handietako saltokietan gertatzen ez den bezala.

Hala ere, Puyk dio jendearen joera Gasteiz bezalako hiri handietara joatea dela, jende gaztearena batez ere. Izan ere, hauen esanetan erosoagoa da denda guztiak elkarren ondoan egotea. Gainera, duela bi urte baino gehiago zabaldu zen Bergara hiriburu arabarrarekin lotzen zuen autopista, eta honek bertara heltzea erraztu die herritarrei, denda txikien jabeei kaltea besterik ekarri ez dion bitartean.

Bedelkarren azoka
Bergarako dendariek ilun ikusten dute beraien etorkizuna, baina horren aurrean elkarrekin egotea erabaki dute, eta ekintza ezberdinak egiten dituzte herriko komertzioa sustatzeko. Esate baterako, 2008tik aurrera urtero azoka bat antolatzen dute udal pilotalekuan, Bedelkar elkarteko dendetako produktuak bertara eramanez eta beherapenak ezarriz. Gainera, gabonetako zozketa antolatzen dute urtero, garai horretan Bergarako dendetan zerbait erosten duen orori zozketa-zenbakiak oparituz.

Horretaz gain, Bergarako Udalak, Bedelkar eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailaren laguntzarekin, merkataritza biziberritzeko plan berri bat jarri du abian. Lehenik eta behin herriko merkataritzari buruzko ikerketa bat egingo dute, eta ondoren emaitzen araberako erabakiak hartuko dituzte.

Abuztu historikoa

Hilabete historikoa izan da aurtengo abuztua Euskal turismoarentzat. Izan ere, orain arteko historiako hilabeterik onena izan da. Eustaten datuen arabera,  267,145 pertsonek hartu dute ostatu Euskal Autonomia Erkidegoko hoteletan. Beraz, iazko abuztuarekin alderatuta, %0,4ko igoera izan da. Hal ere, Bizkaian eta Araban %1eko igoera eman den arren, Gipuzkoan %1eko jaitsiera jasan dute.

Nekazal-etxea
Aurten, egonaldiak beste urte batzuetan baino luzeagoak izan dira, eta batezbeste 2,11 egun pasatu dituzte bertan bisitariek.

Nekazal turismoari dagokionez berriz, bezeroen kopurua %12an igo da, baina aldi berean, hauek bertan pasatutako gauen batezbestekoak %2an behera egin du.


Orain arte Euskadi bisitatzera etortzen zirenak batez ere espainiar estatuko jendea izan bada ere, aurten gora egin dute bisitari europarrak, %5ean hain zuzen ere. Aldi berean, turista espainiarren kopurua %3an jaitsi da aurreko urtearekin alderatuz gero.

Estatu espainiarretik etorritakoen artean, gehienak kataluniarrak eta madrildarrak izan dira. Europarren artean aldiz, gehiengoa frantziarrak izan dira, eta beraien ostean erresuma batuarrak etorriko lirateke.

Donostiako alde zaharra
Eusko Jaurlaritzak Euskal Turismoaren 2010-2013 aldiko Lehiakortasun eta Berrikuntza Plana abian jarri zuenetik, turistei elementu erakargarri berriak eskaini zaizkie. Esate baterako, kirol ekintzak, gastronomia, artea eta gaueko anbientea bezalako eskaintzei buruzko informazioa topa daiteke www.euskaditurismo.net webgunean. Jarduera horien bidez, turistek bertako bizimodua hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dutela dio Turismo Sailak.

sábado, 24 de septiembre de 2011

Atzeraldi ekonomikorantz al goaz?

Dagoeneko, ekonomia globala amildegira bideratuta dagoela onartu dute burtsek. Jakitunak lupaz begiratzen dute zorraren krisia Europa eta AEBetan, baita finantza sistemaren osasuna. Politikan batasun baten gabeziak ikara areagotzen ari da. 

Nazioarteko erakundeak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Banku Mundialak esaterako, mundua atzeraldira doala berriz ere aditzera eman zuten pasa den ostegunean. Mundu erdiko burtsak zenbaki gorrietan daude eta herri garatuen barne kontsumoa ez da abian jartzen. 

Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari-kudeatzaileak,
Christine Lagardek, esan duenaren arabera, munduko ekonomia berehala atzeraldi berri batean sartzeko arriskuan dago, baina saihesteko aukera dago oraindik. 2009an baino aukera gutxiago dituzte, baina gobernuak, nazioarteko erakundeak eta banku zentralak elkarlanean aritzen badira, atzeraldia saihestu daitekeela dio Lagardek.

Ekonomian jakituak direnak, mezu hauek "alarmistak" direla uste dute. Hori bai, krisiaren amaiera geldoa izango dela ohartarazi dute, baina mundu mailako atzeraldiari buruz hitz egitea Christine Lagardek egin duen modura, gehiegi hitz egitea da uste dute.

Auzolana ez da fikzioa

Samara Velte

Gero eta nabarmenagoa da kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka: akumulazioaren eta etekinaren logika bateraezina da bizitzaren eta elkarren zaintzaren logikarekin”. Kapitalismoa porrotera kondenatuta dagoen ustetik abiatuta antolatu ditu Euskal Herrian Auzolan elkarteak datorren astebururako Euskal Herriko I. Auzolan Topaketak. Usurbilen (Gipuzkoa) egingo dituzte, irailaren 30ean, eta urriaren 1ean eta 2an. Hiru egunetarako bonoak 30 euro balio ditu; hemen eman daiteke izena.
 
Krisi ekonomiko, energetiko eta, azken batean, egiturazkoak hausnarketa sakon bat eskatzen duela hartu dute abiapuntutzat: oraingo ekoizpen- eta lan-sistemak ez du funtzionatu, eta irtenbide berriak bilatu nahi dituzte, auzolanetik, herrigintzatik eta elkartasunetik sortuta.
Auzolan topaketen aurkepena, Zuzeu.com-etik

Topaketak lehen urratsa izango dira Euskal Herri osora zabaltzeko bokazioz jaio den proiektuan: apurka herri guztietan Auzolan Taldeak sortzen joatea da asmoa. Besteak beste, ekoizpen eta kontsumo ekologikorako kooperatibak, bertako ekoizpena bultzatuko dutenak, baina baita bestelakoak ere.
Hiru egunez hainbat gai jorratuko dituzte datozen jardunaldiotan: herrien garapena, elikadura buruajabea, energia eredu jasangarri eta bertakoak, hondakinak...

Krisia, ordea, ekonomiatik haratago doala ulertzen dute: bizi-eredua da gainbeheran doana, ekonomiak gizartea ere guztiz baldintzatzen baitu. Bata aldatuta, bestea ere aldatu behar: horregatik izango dira hezkuntza, kultura eta berdintasuna ere eztabaidagai. Mundua aldatzea, norbere etxetik hasten den bide bat baita.

Fresko, merke eta bitartekaririk gabe

Samara Velte

Desagertuta dago ia esnezalearen figura: gehienak oroituko dira nola jaisten zen baserritik kaikuekin, atez ate baserriko esnea saltzera. Esne lodi eta zapore nabarmenekoa banatzen zuen, iragazkitik pasatu behar zena esnegaina kentzeko.

Egungo esnea bricketan dator, ez kaikutan. Litroka erosten da; litro bakoitzeko, brick bat zaborretara doa (kontzientzia lasaitzearren ontzi horira botatzen dugun arren). Nahi beste elementu kendu eta jarri dakioke gaurko esneari: uraren pareko utzi arte gaingabetu, edo gaixotasun guztietatik babestuko gaituzten bitamina, omega eta bestelakoez kargatu. Kontsumitzaileei heltzen zaien esne horrek gero eta gutxiago du esnetik, eta gero eta gehiago beste osagaietatik.

Badira urte batzuk esnearen sektorea krisiak jo zuela; gero eta enpresa gehiago hasi ziren baserritar eta kontsumitzaileen arteko bitartekari lanak egiten, bi muturren kalterako: kontsumitzaileei heltzen zitzaien produktua gero eta eskasagoa eta artifizialagoa zen, eta gero eta gutxiago ordaintzen zitzaien baserritarrei esne litro bakoitzagatik.
Donostiako Easo plazako makina. Irutxuloko Hitza.

Horri aurre egiteko, iniziatiba aski interesgarri bat jarri dute martxan: baserriko esnea saltzen duten esne makinak. Egunero betetzen dituzte inguruko baserritarrek, eta herritarrek beirazko botilak behin eta berriz betetzen dituzte, euro baten truke. Elizondo izan zen horretan lehena, baina honezkero beste hainbat herrietara zabaldu da: Ordizia, Azpeitia, Zestoa, Usurbil, Donostia, Bilbo, Balmaseda...

Udalen eta baserritarren arteko akordioetatik sortu dira makinok. Botilak etxetik ekarritakoak direnez, zaborrik ez da sortzen; esnea naturalagoa da, oinarri-oinarrizko tratamendua bakarrik jaso duelako; eta, bitartekaririk gabe, baserritarrei ere prezio duinagoak ordaintzen zaizkie.

domingo, 18 de septiembre de 2011

BasHerritik mahaira, zuzen-zuzenean

BasHerri kontsumo taldeak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira Euskal Herrian, Gipuzkoan bereziki, eta azken hilabeteetan herri ezberdinetan talde berriak sortzen ari dira etengabe. Izan ere, dagoeneko 30 talde ezberdin daude probintzia osoan.  Ekimen honek baserriko produktuak, barazkiak batez ere, zuzenean baserritarrari erosteko aukera ematen die hortan interesa duteneri.

Iniziatiba honetan parte hartzen duten familiek hilero kuota bat ordaintzen dute, eta trukean astero baserritar ekoizleen eskutik otar bat jasotzen dute. Modu honetan, bertako produktu ekologikoak kontsumitzen dituzte, eta erosleak badakite zein den hauen jatorria.

Gipuzkoan jaiotako lehen kontsumo kooperatibak Uztaro izena du, eta 2005 urtean sortu zen. Andoain, Azkoitia, Lasarte-Oria, Villabona, Zarautz eta Zestoako kontsumo taldeek osatzen dute kooperatiba hau, eta baserria Beizaman daukate.


Bergarako kontsumo taldeko zenbait kide

Uztaroren sorreratik bost urtetara Arrasaten beste kontsumo talde bat sortu zen, eta hortik aurrera asko izan dira Gipuzkoan zehar jaiotzen joan direnak: Donostian, Eibarren, Azpeitian, Bergaran, Elgoibarren, Hernanin, Oñatin, Tolosan… Zenbait herritan talde bat baino gehiago dago jada.


Udalerri ezberdinetan sorturiko kooperatibak elkar ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko, aurtengo otsailean BasHerri taldeen bigarren topaketak egin zituzten Usurbilen. Bi egun iraun zituen topaketa honek, eta partehartzaileek gainontzekoengandik ikasteko aukera polita izan zuten.

Ekimen honek gainera, galtzeko arriskuan dagoen baserritarraren lanari irtenbide bat emateko balio izan du. Izan ere, gaur egun oso zaila gertatzen da nekazaritzatik bizitza aurrera eramateko bezalako etekinak lortzea. Beraz, esan daiteke oso positiboa dela horrelako mugimenduen sorrera.

sábado, 17 de septiembre de 2011

Azkenean, Kutxabank

Xabier Iturbe (Kutxa), Mario Fernandez (BBK) eta Carlos Zapatero (Vital)
Egun historikoa izan zen atzokoa, azkenean BBK-k onentzi ahal izan duelako Kutxabanken bateratze proiektua.  Ez-ohiko batzarrean, Fernandezek akordioaren eta proiektuaren zehastasunak eman zituen eta %92aren babesa lortu zuen. ELAk, LABek eta Ezker Batuak egin zuten kontra. Kutxabank sortzeko aukeratu duten formula defendatu zuen BBKren presidenteak, Kutxei bizirik irauteko aukera emango dielako. Bestalde, Vital Kutxako Batzar Nagusiak botoen % 94,7arekin operazioa babestu zuen.
Urtearekin batera jaioko da Kutxabank. 75.000 milioiko aktiboak izango ditu, estatuko laugarren kutxa izango da eta hiru urtetan irabaziak bikoiztea aurreikusten du. 


Baina, zertan datza bat-egite hotza? Bat-egite hotza kreditu entitateak indartzeko mekanismo bat da, eta finantza-entitateek elkarri babesa ematea errazten du. Zenbait entitate Babes Sistema Instituzional batean biltzeko prozesuari bat-egite hotza deritzo. Babes Sistema Instituzionala 2008-2010 epean Espainian izan zen finantza-krisian sortu zuten. Izan ere, krisi horrek Espainiako finantza-sistema eta hainbat aurrezki-kutxa kolokan jarri zituen, ahultasun egoera batean utziz. Kutxak erkidegoari oso lotuta bizi dira eta kontrol politiko handia izaten dute. Ondorioz, ikuspuntu politiko batetik oso zaila da aurrezki-kutxen artean ohiko bat-egite bat gertatzea. Zailtasun horiek gainditzeko holdings-ak sortzen dira, entitateak bildu egiten dira eta izena ematen duen entitateari botere ekonomikoa eta politikoa ematen diote, baina marka eta independentzia mantentzea ahalbidetzen zaie gainerako entitateei.

Ecofin-en bilera Polonian zor publikoaren aurkako neurriak hartzeko

Euroguneko Ekonomia ministroak gaur eta bihar bilduko dira zor publikoaren krisia nola gainditu eta Greziaren porrota nola saihestu eztabaidatzeko. Wroclaw-en (Polonia) ospatutako bilera hau, Eurogunean kezkaz beteriko aste baten ostean heldu da eta europear finantza ministroak lankidetza estrategia baten bila harituko dira finantza labirinto honetatik irtetzeko eta espekulazio eraso gehiago saihesteko. 

Batzar hau presio gutxiagorekin ospatzen da, izan ere atzo banku nagusi zentralek lankidetzan haritu ziren finantza sisteman dolarrak txertatzen era masiboan. Neurri honen berri jakitean, burtsek gora egin zuten, banku europeoen akzioak gehien bat. Berri honek, europako hazkunde ekonomikoari itxaropena ematen dio. Europako batzordearen arabera, aldaketak ezarri behar dira atzerapenik gabe.

Topaketa honetan ere,  Greziarentzako bigarren
erreskate plana desblokeatu beharko dute. Orainarte plan hau Frantzia eta Belgikak baino eztute sinatu. Finlandia zalantzan dago, izan ere Atenasen ez-ordainketa kasuan, egindako kontribuzioak bermatzeko abalak eskatzen ditu. Finlandiar gobernua gai honi buruzko akordio batera iritsi zen Greziarekin joan den abuztuan, baina debekatua izan zen Alemaniaren eskutik, beste herri batzuek ere antzeko tratu bat eskatzen baitzuten eta honek erreskate plana ahulduko zuen. Bigarren plan honen zailtasunez gain, Atenas lehen erreskate planeko 8.000 milioi jasotzeko zain dago. Diru hau gabe ezin izango ditu nominak eta pentsioak ordaindu.

Etxebizitza lortzeko ametsa

Krisi ekonomikoaren ondorioz, etxebizitzaren prezioak behera egin du hego Euskal Herrian. INE erakundeak argitaratutako azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan %6,7ko jaitsiera eman da iazko  bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta Nafarroan berriz, %7,6koa. 

Azken hamarkada honetan eraikuntzaren negozioak garai oparoa bizi izan du, eta egoera hori aprobetxatuz espekulatzaileek etxebizitzekin jolastu dute, prezioak maila sinesgaitzetaraino igoaraziz. Hala ere, 2008. urteko beherakada ekonomikoaz geroztik, etxebizitzen salmenta nabarmen gutxiagotu da, eta horren ondorioz obra eta proiektu asko bertan behera utzi behar izan dituzte.

Salneurrien beherakada hau gertatu izanak, hala ere, ez du esan nahi orain etxe bat eskuratzea askoz ere errazagoa izan daitekeenik. Izan ere, gaur egun oso zaila da hipoteka bat eskuratzea, bankuek exigentzia ugari izaten baitituzte. Kasu honetan ere, kaltetuenak gazteak izaten dira, hauentzat ia ezinezko gertatzen baita mailegu bat lortzea.

Guzti honen ondorioz, jende gazte askok alokairuan bizitzea erabaki du azkenaldian. Hori dela eta, hego Euskal Herrian alokairuen prezioak gora egin du, eta espainiar estatuko batazbestekoaren gainetik kokatzen da. Hain justu ere, Euskal Autonomia Erkidegoa izan zen 2011ko ekainean preziorik garestienak izan zituena, metro karratuko 11,51 euro hain zuzen ere, estatuko batazbestekoa %45,6an gaindituz. Nafarroan berriz, metro karratuko 8,03 euro ordaintzen ziren alokairuak, batazbestekoa baino %1,6 garestiago.

Beraz, krisi garaian erosketaren alternatiba bilakatu den alokairua ere geroz eta eskuragaitzagoa bihurtzen ari da gazteentzat, eta hauetariko askok ez dute gurasoen etxetik joateko baliabiderik izaten.

Lanpostuekin apostuan

Samara Velte

Urte gutxiren buruan joan-etorri ugari egin dituzte Azpeitia eta Lasaoko (Gipuzkoa) Corrugados lantegietako langileek: esku batetik bestera, apostugileen dadoak bailiran, beti haien gaindiko jokatzaileen menpe. Aste honetan bertan, ustez ziurtatuta zeukaten etorkizuna berriz kolokan dagoela jakinarazi diete langileei: Brasilgo Companhia Siderugica Nacional (CSN) enpresak bertan behera utzi du Alfonso Gallardo taldearen lantegiak erosteko akordioa.

Duela sei urte eskas erosi zituen Gallardok Azpeitiko bi lantegi handienak; aurretik, Arcelor taldearen esku zeuden. Igaro den abenduan erabaki zuen Gallardok biak saltzea, krisiari aurre egin ezinda. Martxoan Lana Erregulatzeko Txostena zabaldu zieten langileei, eta ekainean hamalau langile lekuz aldatzera behartu zituzten; hain justu, Azpeititik Badajozera (Espainia) joateko agindua jaso zuten, lanpostua galdu nahi ez bazuten. 
Azpeitia eta Lasaoko 495 lanpostu daued kolokan

Azkenean, maiatzean sinatu zuen Gallardoko zuzendaritzak akordioa CSNrekin, Brasilgo siderurgia arloko enpresa nagusiarekin; aurrez aipatutako lantegiak 970 milioi euroan erosteko hitza eman zuen hark. Duela astebete eskas, ordea, akordioa kolokan egon zitekeen zurrumurrua zabaldu zuten hainbat hedabidek, eta aste honetan baieztatu da: CSN-k hautsi egin du hitzarmena, Gallardo taldeari kontratua ez betetzea leporatuta.

Bi enpresatako zuzendaritzek Azpeitiko Udalera ere jo dute babes eske, eta hark elkartasuna eta kezka adierazi du langileen egoeraren inguruan. Esku gutxi batzuek kontratuak Brasilen sinatzen dituzten bitartean, 495 esku pare zain baitaude Azpeitian, haien lanpostuekin zer gertatuko.

jueves, 15 de septiembre de 2011

Pintxotara, krisiari aurre egitera

Samara Velte

Udan etenaldia egin ondoren, aste honetan abiatu dute berriz Pintxo Poteo eskaintza Zarauzko (Gipuzkoa) ostalariek. Udaberrira arte, hainbat tabernatan asteazkenero euro eta erdian eskatu ahal izango da pintxo bat, ardo edo garagardo batez lagunduta. 

Zurekin ostalarien elkarteak abiatutako ekimena da Pintxo Poteoa. Uda partean, jendez gainezka egiten du Zarautzek, eta, krisiak krisi, ez zaie ostalariei diru-sarrerarik falta. Udazkenean, ordea, beherakada nabarmena igartzen dute; oporretara etorritako turistek alde egiten dute, eta beheraldi ekonomikoarekin, bertakoei ere ez zaie gelditu pintxoetan gastatzeko diru gehiegirik.

Zurekin elkarteko kideak, Mus txapelketa aurkezten.
Egoera horri aurre egiteko eta “Zarauzko negua eta udaberria suspertzeko” osatu zuten elkartea herriko ehun bat ostalarik. Poteo ohiturak bultzatzeaz gain, hainbat ekintza kultural ere antolatu dituzte urte osoan zehar: mus txapelketak, Zarauzko I. Sagardo Eguna, Ardo Astea eta Udaberri Fest ezaguna, besteak beste. Oro har, balorazio positiboa egin dute ostalariek; Asier Aldalurrek, Txiki-Polit tabernako jabeak, adierazi zuenez, ekimen horiek 10.000 lagun ekarri zituzten herrira.

Zarauzko ostalaritza berrasmatzeko iniziatiba berria da, arazoak aspaldikoak diren arren. Krisi ekonomikoaren aurretik ere, udako etekinen araberakoa izaten zen hamaika taberna txikiren biziraupena. Eta udako diru-sarrerak ere ez daude beti ziurtatuta, faktore askok eragiten baitute; esaterako, eguraldiak. Zurekin elkarteak abuztuan kexa adierazi zuen, eguraldi txarren aurreikuspen “faltsuek” bezeroak uxatzen zizkiola-eta. Eguraldia nekez aldatu ahal izango dute, baina bertakoentzako eskaintzek ere argi diezaiokete eguna Zarauzko ostalaritzari.