sábado, 24 de septiembre de 2011

Auzolana ez da fikzioa

Samara Velte

Gero eta nabarmenagoa da kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka: akumulazioaren eta etekinaren logika bateraezina da bizitzaren eta elkarren zaintzaren logikarekin”. Kapitalismoa porrotera kondenatuta dagoen ustetik abiatuta antolatu ditu Euskal Herrian Auzolan elkarteak datorren astebururako Euskal Herriko I. Auzolan Topaketak. Usurbilen (Gipuzkoa) egingo dituzte, irailaren 30ean, eta urriaren 1ean eta 2an. Hiru egunetarako bonoak 30 euro balio ditu; hemen eman daiteke izena.
 
Krisi ekonomiko, energetiko eta, azken batean, egiturazkoak hausnarketa sakon bat eskatzen duela hartu dute abiapuntutzat: oraingo ekoizpen- eta lan-sistemak ez du funtzionatu, eta irtenbide berriak bilatu nahi dituzte, auzolanetik, herrigintzatik eta elkartasunetik sortuta.
Auzolan topaketen aurkepena, Zuzeu.com-etik

Topaketak lehen urratsa izango dira Euskal Herri osora zabaltzeko bokazioz jaio den proiektuan: apurka herri guztietan Auzolan Taldeak sortzen joatea da asmoa. Besteak beste, ekoizpen eta kontsumo ekologikorako kooperatibak, bertako ekoizpena bultzatuko dutenak, baina baita bestelakoak ere.
Hiru egunez hainbat gai jorratuko dituzte datozen jardunaldiotan: herrien garapena, elikadura buruajabea, energia eredu jasangarri eta bertakoak, hondakinak...

Krisia, ordea, ekonomiatik haratago doala ulertzen dute: bizi-eredua da gainbeheran doana, ekonomiak gizartea ere guztiz baldintzatzen baitu. Bata aldatuta, bestea ere aldatu behar: horregatik izango dira hezkuntza, kultura eta berdintasuna ere eztabaidagai. Mundua aldatzea, norbere etxetik hasten den bide bat baita.

No hay comentarios:

Publicar un comentario