Samara Velte
Igaro dira udal talde berriei emandako konfiantzazko lehen 100 egunak. Eta hainbat herritan egin dute ehun egun horien balantzea: konfiantzarik merezi ez zuena aurreko udal gobernua zen. Herri gehienetan, uste baino zor handiagoak topatu dituzte.
Zarauzkoa (Gipuzkoa) da kasu nabarmenetako bat: ekainean, oraindik udal taldeak osatzeke zeudela, aurreko gobernuko Ogasun zinegotzi Jon Burgañak (Hamaikabat) lasai azaldu zuen Zarauzko Udalak “arrazoizko zorpetze maila” zeukala. Orain, Bilduko udal taldeak gezurtatu egin du: “Egoera oso larria” dela, eta aurreko udal gobernuak “arduragabekeriaz” jokatu zuela adierazi dute lehen ehun egunetako balorazioan.
![]() |
Zarauzko Udaleko osoko batzarra |
EAJk eta Hamaikabatek gobernatutako gobernuak bi urte baino ez zituen behar izan zorra bikoizteko: 2008an 11 milioi euroko defizita zuen, eta 2010ean 23 milioikoa. Ordurako, Gipuzkoako laugarren herririk zorpetuena zen.
Udala dagoeneko hasi da gastuak murrizten, baina galdera da zenbaterainoko autonomia geldituko zaion finantza arazoak konpontzeko: herritarrek ordaindutako zergen %9 baino ez doa udalera, eta gaineko erakundeen egoera ere ez da desberdina: duela bi aste ohartarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatu Helena Francok Diputazioak guztira 1.753 milioi euroko zorra duela. Horrek hainbat inbertsio bertan behera uztera derrigortuko ditu erakundeak, eta diru publikoaren kudeaketa apalagoa egitera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario