jueves, 15 de septiembre de 2011

Pintxotara, krisiari aurre egitera

Samara Velte

Udan etenaldia egin ondoren, aste honetan abiatu dute berriz Pintxo Poteo eskaintza Zarauzko (Gipuzkoa) ostalariek. Udaberrira arte, hainbat tabernatan asteazkenero euro eta erdian eskatu ahal izango da pintxo bat, ardo edo garagardo batez lagunduta. 

Zurekin ostalarien elkarteak abiatutako ekimena da Pintxo Poteoa. Uda partean, jendez gainezka egiten du Zarautzek, eta, krisiak krisi, ez zaie ostalariei diru-sarrerarik falta. Udazkenean, ordea, beherakada nabarmena igartzen dute; oporretara etorritako turistek alde egiten dute, eta beheraldi ekonomikoarekin, bertakoei ere ez zaie gelditu pintxoetan gastatzeko diru gehiegirik.

Zurekin elkarteko kideak, Mus txapelketa aurkezten.
Egoera horri aurre egiteko eta “Zarauzko negua eta udaberria suspertzeko” osatu zuten elkartea herriko ehun bat ostalarik. Poteo ohiturak bultzatzeaz gain, hainbat ekintza kultural ere antolatu dituzte urte osoan zehar: mus txapelketak, Zarauzko I. Sagardo Eguna, Ardo Astea eta Udaberri Fest ezaguna, besteak beste. Oro har, balorazio positiboa egin dute ostalariek; Asier Aldalurrek, Txiki-Polit tabernako jabeak, adierazi zuenez, ekimen horiek 10.000 lagun ekarri zituzten herrira.

Zarauzko ostalaritza berrasmatzeko iniziatiba berria da, arazoak aspaldikoak diren arren. Krisi ekonomikoaren aurretik ere, udako etekinen araberakoa izaten zen hamaika taberna txikiren biziraupena. Eta udako diru-sarrerak ere ez daude beti ziurtatuta, faktore askok eragiten baitute; esaterako, eguraldiak. Zurekin elkarteak abuztuan kexa adierazi zuen, eguraldi txarren aurreikuspen “faltsuek” bezeroak uxatzen zizkiola-eta. Eguraldia nekez aldatu ahal izango dute, baina bertakoentzako eskaintzek ere argi diezaiokete eguna Zarauzko ostalaritzari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario