Samara Velte
Desagertuta dago ia esnezalearen figura: gehienak oroituko dira nola jaisten zen baserritik kaikuekin, atez ate baserriko esnea saltzera. Esne lodi eta zapore nabarmenekoa banatzen zuen, iragazkitik pasatu behar zena esnegaina kentzeko.
Egungo esnea bricketan dator, ez kaikutan. Litroka erosten da; litro bakoitzeko, brick bat zaborretara doa (kontzientzia lasaitzearren ontzi horira botatzen dugun arren). Nahi beste elementu kendu eta jarri dakioke gaurko esneari: uraren pareko utzi arte gaingabetu, edo gaixotasun guztietatik babestuko gaituzten bitamina, omega eta bestelakoez kargatu. Kontsumitzaileei heltzen zaien esne horrek gero eta gutxiago du esnetik, eta gero eta gehiago beste osagaietatik.
Badira urte batzuk esnearen sektorea krisiak jo zuela; gero eta enpresa gehiago hasi ziren baserritar eta kontsumitzaileen arteko bitartekari lanak egiten, bi muturren kalterako: kontsumitzaileei heltzen zitzaien produktua gero eta eskasagoa eta artifizialagoa zen, eta gero eta gutxiago ordaintzen zitzaien baserritarrei esne litro bakoitzagatik.
![]() |
Donostiako Easo plazako makina. Irutxuloko Hitza. |
Horri aurre egiteko, iniziatiba aski interesgarri bat jarri dute martxan: baserriko esnea saltzen duten esne makinak. Egunero betetzen dituzte inguruko baserritarrek, eta herritarrek beirazko botilak behin eta berriz betetzen dituzte, euro baten truke. Elizondo izan zen horretan lehena, baina honezkero beste hainbat herrietara zabaldu da: Ordizia, Azpeitia, Zestoa, Usurbil, Donostia, Bilbo, Balmaseda...
Udalen eta baserritarren arteko akordioetatik sortu dira makinok. Botilak etxetik ekarritakoak direnez, zaborrik ez da sortzen; esnea naturalagoa da, oinarri-oinarrizko tratamendua bakarrik jaso duelako; eta, bitartekaririk gabe, baserritarrei ere prezio duinagoak ordaintzen zaizkie.
No hay comentarios:
Publicar un comentario