BasHerri kontsumo taldeak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira Euskal Herrian, Gipuzkoan bereziki, eta azken hilabeteetan herri ezberdinetan talde berriak sortzen ari dira etengabe. Izan ere, dagoeneko 30 talde ezberdin daude probintzia osoan. Ekimen honek baserriko produktuak, barazkiak batez ere, zuzenean baserritarrari erosteko aukera ematen die hortan interesa duteneri.
Iniziatiba honetan parte hartzen duten familiek hilero kuota bat ordaintzen dute, eta trukean astero baserritar ekoizleen eskutik otar bat jasotzen dute. Modu honetan, bertako produktu ekologikoak kontsumitzen dituzte, eta erosleak badakite zein den hauen jatorria.
Gipuzkoan jaiotako lehen kontsumo kooperatibak Uztaro izena du, eta 2005 urtean sortu zen. Andoain, Azkoitia, Lasarte-Oria, Villabona, Zarautz eta Zestoako kontsumo taldeek osatzen dute kooperatiba hau, eta baserria Beizaman daukate.
![]() |
Bergarako kontsumo taldeko zenbait kide |
Uztaroren sorreratik bost urtetara Arrasaten beste kontsumo talde bat sortu zen, eta hortik aurrera asko izan dira Gipuzkoan zehar jaiotzen joan direnak: Donostian, Eibarren, Azpeitian, Bergaran, Elgoibarren, Hernanin, Oñatin, Tolosan… Zenbait herritan talde bat baino gehiago dago jada.
Udalerri ezberdinetan sorturiko kooperatibak elkar ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko, aurtengo otsailean BasHerri taldeen bigarren topaketak egin zituzten Usurbilen. Bi egun iraun zituen topaketa honek, eta partehartzaileek gainontzekoengandik ikasteko aukera polita izan zuten.
Ekimen honek gainera, galtzeko arriskuan dagoen baserritarraren lanari irtenbide bat emateko balio izan du. Izan ere, gaur egun oso zaila gertatzen da nekazaritzatik bizitza aurrera eramateko bezalako etekinak lortzea. Beraz, esan daiteke oso positiboa dela horrelako mugimenduen sorrera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario