domingo, 2 de octubre de 2011

Ataun, buruaskitasun bila

 Samara Velte

Erregai fosilen amaiera datorrela denen ahotan dabil; baita Euskal Herria energia aldetik guztiz dependentea dela ere. Ataundarrek horri aurre egiteko plana jarri dute martxan: helburua, herria bertako baliabide naturalen bidez energiaz hornitzea da, ahal bezain buruaskia izateko.

Lehen iniziatiba urtarrilean jarri zuten martxan: alokatu daitekeen auto elektrikoa, norbaitekin partekatzeko baldintzarekin. Proiektuak Sarecar du izena, eta Europa mailan antzekorik ez dagoela adierazi dute haren sustatzaileek.
Ataun (Gipuzkoa)

Plana askoz haratago doa, ordea. Alde batetik, energia aurrezteko deia egin diete ataundarrei; horretarako, udal eraikinak eta kale argiteria moldatuko dituzte, energia kontsumo efizienteagoa lortze aldera; bestalde, energia gutxiago kontsumitzen duten etxebizitzak erosteagatik zerga salbuespenak egongo dira.

Energia sortze arloan, aldiz, inguruan soberan dituzten basoak erabiliko dituzte. Izan ere, Ataunek 1.600 hektarea herri lur ditu, eta horietatik 1.000 hektarea basoa da; urtero 6.000 tona egur dituzte soberan. Hori dela eta, biomasa zentral bat eraikitzea da asmoa, egurra bertan erre eta argindarra eta ur beroa lortzeko.

Lau zentral hidroelektriko txiki ere jarriko dituzte, inguruko errekak baliatuz. Eguzki energiaren aldeko apustua ere egingo dute: 60 kilowatteko eguzki plakak jarriko dituzte udal eraikinetan eta elizako teilatuan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario