miércoles, 12 de octubre de 2011

Baldintzarik gabeko errenta helburu

S. Velte
Krisi ekonomikoa hasi zenetik gora eta gora ari da langabezia; langabezia bulegoetako ilarak luzatzen doaz, eta lanik ez da sortzen. Horri beste arazo bat gehitu behar zaio: posturik gabe gelditu ziren lehenengo pertsonei honezkero amaitzen ari zaie langabezia-saria. Eta, lanik topatu ezean, gero eta gehiago dira kale gorrian gelditzear daudenak.
Kasu horietan, badira gizarte laguntza batzuk, baina horiek gogortzeko neurriak onartu berri ditu Eusko Jaurlaritzak. Ezkerreko alderdi politikoak aspalditik dabiltza egoera horrentzako irtenbide sozialagoen bila, eta azken proposamena Bilduk egin du Gipuzkoako Foru Aldunditik: oinarrizko errenta unibertsal bat proposatu du, edonork baldintzarik gabe jaso dezakeena.
Diru-sarrera minimoa litzateke, “gutxieneko baldintzetan” bizitzeko nahikoa. Baldintza kaskarretan, baina behintzat bizitzekoa, kalean biziraun beharrean.
“Proiektu apurtzailea” eta “handi-nahi samarra” dela onartu du Ander Rodriguez Gizarte Politikarako diputatuak. Gainera, aldundiaren eskumenetik at gelditzen da halako neurri bat, eta fiskalitatea ere aldatzea eskatuko luke. Hori dela eta, gaiari buruzko eztabaida proposatuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta horren arabera, eskumenak dituzten organoei bideratuko diete proposamena.
Oinarrizko errenta unibertsalari buruzko eztabaidak pil-pilean daude mundu osoan. Pobreziak gora egin ahala, politika kontserbatzaileetara jotzen dute askok, baina justu kontrakoa egitearen alde azaldu dira ezkerreko mugimenduak: orain inbertsioak egitekotan, pertsonen bizimoduan inbertitu behar dela uste dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario