domingo, 9 de octubre de 2011

Beasaindik mundura

Samara Velte


Krisiak garraio sektorea bereziki astindu duela entzuten da maiz; distantzia luzeko pertsonen garraioaz arduratzen diren enpresak dira kexu direnak, gero eta bidaiari gutxiago dituztelako. Ez da Beasaingo (Gipuzkoa) CAF Construcciones y Auxiliares de Ferrocarriles enpresaren kasua: beste batzuk lantegiak ixten ari diren bitartean, CAFek mundura zabaltzen jarraitzen du.

Oraingoan, ukitzeko falta zitzaion kontinente bakarrera heldu da: Ozeaniara. Hain justu, sinatu berri du Auckland hirirako (Zeelanda Berria) 57 tren elektriko egiteko kontratua; gero, hamabi urtez horiek mantentzeko ardura ere hartu du. Guztira, 300 milioi euroko kontratua da; 2013rako izango ditu prest lehen aleak, eta denak Beasaingo fabrikan egingo dituzte.
CAFen Beasaingo lantegia

Hiri barruan ibiltzeko trenak dira, KiwiRail enpresak kudeatutako sarearen barruan. Bakoitzak sei bagoi ditu, eta 380 bidaiari kabitzen dira. CAFeko arduradunek azaldu dutenez, Londresko Heathrow aireportua eta hirigunea lotzen dituzten trenen antzekoak izango dira.

Oro har, urte onak bizitzen ari da CAF, bereziki krisiaren testuinguruan kokatzen badugu. Iaz gora egin zuten haren salmentek; hain zuzen, 2009an baino %25 gehiago saldu zuen, 129,6 milioi euro irabaziz. Suedia, Bretainia eta Frantziarako tranbiak egiteko kontratuak sinatu zituen, baita Mexikon eta Brasilen trenak jarri eta haiek hamabost eta hogei urtean mantentzeko ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario