S. Velte
Ekonomia oro har, eta landa eremuko jarduera bereziki, gizonezkoen esparrua izan da gehienetan. Arlo horretan, itzalpean gelditzea ez ezik, sarritan mendekotasuna egokitu zaie emakumeei. Egoera horri buelta emateko asmoz elkartuko dira urriaren 15ean 350 bat emakume baserritar; landa eremuko emakumeen nazioarteko eguna ospatuko dute egun horretan Ordizian (Gipuzkoa), Zure lana kontuan hartzekoa da lelopean.
![]() |
'Hitzez' elkarteko kideak (Urola Kostako Hitza) |
“Ekonomia inklusiboagoen” bila arituko dira egun horretan. Baserriak bestela ere bizi duen krisiaz gain, emakume baserritarren eskubideei buruz jardungo dute. Besteak beste, Yolanda Jubetoren hitzaldia antolatu dute, Emakumeen parte hartzea eta ekarpen ekonomikoa landa eremuan.
Antolatzaileetako bat Hitzez emakume baserritarren elkartea da; elkarte hori Urola Kostako bost emakumek sortu zuten 2007an, euren lan eskubideak beste edozein langilerenak bezala errespetatzeko eskatzeko. Izan ere, emakume baserritarra bizitzako arlo guztietan dago baserrira lotua: lana, familia eta aisialdia, dena dago leku berean, eta, gehienetan, jabea den gizonaren esku.
No hay comentarios:
Publicar un comentario