S. Velte
Unibertsitateko ikasle bati lanaz hitz egitea itsu bati koloreak zer diren azaltzearen parekoa da gaur egun; eurentzako gordeta ez dagoen terrenu gisa ikusten dute gehientsuenek enpresa mundua. Hala ere, etengabeak dira unibertsitatean lan mundurako ematen dizkieten aholkuak; daukatena ematen hasteko prestatzen dituzte ikasleak, unibertsitate garaia formakuntza garaia, hartzekoa, dela ia ahaztuta.
Astelehenean aurkeztu zieten EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko 2. mailako ikasleei Zitek programa, enpresak eratzeko laguntzak ematen diharduena. Etorkizulan izeneko antzezlanaren bidez erakutsi nahi izan zieten zer suposatzen duen besteren enpresetan lan egiteak, eta zer norberak ekimen propioa sortzeak.
Ikasleei bi aukera eman dizkiete: zerua (besteren enpresa) edo infernua (norberak berea sortzea). Zerua aski aspergarria da hemeretzi urteko batentzat, eta gehienek nahiago izan dute infernurako bidea hartu. Han, bakoitzari maskara bana eman diete, ingurune ezezagunean elkar ere ez ezagutzeko. Deabruz mozorrotutako aktoreek sinatzeko gogo gutxi ematen zuten kontratu batzuk eskaini dizkiete euskara eskasean; gero, denak estu-estu pilatu dituzte. Infernua, ordea, ez da horren txarra; behin kontratuak hautsita, dibertsioa hasten da. Ikasleei platerak hausteko eta oihu egiteko aukera ematen diete, eta sortzaile izateko esaten.
Infernuarekin alderatuta, aspergarri samarra da zerua, argiagoa eta erosoagoa den arren. Gauza onerako atseginegiak diren aingeru batzuek gidatzen dituzte ikasleak. Irri eroen artean, taldearen zigorra eta plazera zer den erakusten diete; nagusiak esandakoa betez gero, noski.
Euren burua teatroetarako helduegitzat duten ikasleek ez dute oso serioski hartu jokoa; alde batetik bestera ibili dira, ordua noiz bukatu zain. Amaieran, Zitek-eko ordezkari batek antzezlanak esan nahi zuena azaldu die, badaezpada. “Inoiz pentsatu al duzue enpresaren bat sortzea?” galdetu die; gutxienek erantzun dute baietz. Gehienek eszeptikoki ekin diote etxerako bideari, euren proiektuak gauzatzeko beste enpresen laguntza zergatik behar duten, eta nolako proiektuak finantzatuko ote dituzten pentsatuz, eta ikusitakoa horixe dela sentituz; teatroa.