Iera Uriona
"Konponbide sinesgarri bat" edo "lehenengo urrats bat" deitu zioten Europako liderrek pasa den urriaren 26an zortzi orduko bilera baten ostean lortutako akordioari. Euroguneko buruzagiek akordioa lortu zuten azkenik diru bateratuak historia osoan pairatutako krisi larrienari aurre egiteko. Hain zuzen ere, Greziako zorraren % 50 barkatzea, erreskate funtsa bilioi bat euroz hornitzea eta bankuak berriz kapitalizatzea hitzartu dute.
'Ibilbide orria'k hiru puntu ditu, merkatuetan konfiantza sustatzeko eta zorraren krisia beste herrialdetara hedatzea galarazteko.
Horietako lehena Greziarentzako beste erreskate plan bat izango da. 130.000 milioi eurokoa izango da eta, horrez gain, herrialdeak banku pribatuekin duen zorraren % 50 barkatuko diote.
Bigarrena Europaren erreskate funtsa handitzea izango da. Une honetan 440.000 milioi euro ditu, baina eraginkortasun txikia erakutsi du krisia konpontzeko. Hemendik aurrera, bilioi bat euroz hornituko dute, eta azaleratu berrien parte-hartzeari ateak irekiko dizkiote, Txinari, kasu.
Azken puntua euroguneko bankuak berriz kapitalizatzea da, krisiaren aurrean osasuntsuago izan daitezen, porrot egiteko arriskurik gabe.
No hay comentarios:
Publicar un comentario