domingo, 20 de noviembre de 2011

2007tik bikoiztu egin da Urola Kostan langabezia

S. Velte

LAB sindikatuak aditzera eman duenez, %104 egin du gora Urola Kostako langabeziak 2007tik, krisi ekonomikoa hasi zenetik. Urte horretako irailean 1.854 zeuden Gipuzkoako eskualde horretan, eta aurtengoan 3.776 langabe zenbatu dituzte. Oro har, langabezia maila "altua" dela salatu du sindiaktuak.
Urte horietan, eskualdeko enpresa asko itxi dituztela azaldu dute, eta erregulazio txostenak ere nonahi izan dira. Azpeitiako Corrugados enpresakoa da adibide nabarmenena; lan taldearen heren bat kaleratuko dute lantegi horretan.

Azkoitiako langabetuen protesta (Urola Kostako Hitza)
Gainera, LABek emandakoak iraileko datuak dira, eta sindikatuaren esanetan, hor oraindik zenbatu gabe zeuden uda pasatu ostean turismo sektoreak izaten diren bajak. Azkoitiako langabeen elkarteak ere aste honetan egin du manifestazioa; herrian 641 langabetu daude, herritarren %5,6.

Horren aurrean, "Gezurretan ari zarete" kanpaina aurkeztu du LABek; kristik irteteko "alternatibak" badirela adierazi du, eta langileen mesedetako politika sozioekonomikoak eskatu dituzte. Hego Euskal Herrian, denera 180.000 langabetutik gora dagoela nabarmendu dute, eta inbertsioak haien alde egin behar liratekeela defendatu dute: "Nafarroan Abiadura Handiko Trena eraikitzeko 30 milioi euro erabiltzen diren bitartean, 230 lanpostu suntsitzen dira irakaskuntza publikoan", salatu dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario