S .Velte
Azpeitiko (Gipuzkoa) Corrugados lantegian 100 langile inguru "soberan" daudela adierazi du enpresaren jabe den Gallardo taldeak; datozen hilabeteetan 130 pertsona inguru kaleratuko dituztela aurreikusi dute. Jada hasi dira horretan: zuzendaritzako hiru kide kalean daude iragan asteaz geroztik, ofizialki oharrik jaso ez duten arren.
Gaur egun, 440 pertsona inguru ari dira Azpeitiko lantegian lanean; herriko enpresa garrantzitsuena da Corrugados. Lasao auzoan ere badago beste lantegi bat, baina printzipioz, ez dute uste kaleratzerik izango denik han.
Abendutik enpresa saldu nahian aritu da Gallardo; Brasilgo Companhia Siderurgica Nacional-ekin akordioa sinatzear zela, ordea, bertan behera gelditu zen asmoa. Orain, datorren urterako ekoizpen txikia aurreikusi dute - zuzendaritzaren arabera, 300.000 tona ekoitziko dituztela uste dute, benetan ekoitzi dezaketenaren erdia baino ez -, eta beharrezkoa izango da plantilaren heren bat kaleratzea.
ELA eta LAB sindikatuek azalpenak eskatu dizkiote enpresari, kaleratzeak zein baldintzetan izango diren jakiteko. Bestalde, zalantza adierazi dute lanean jarraituko dutenengatik ere; izan ere, sindikatuen ustez, oso posible da enpresa ixtea. Hori dela eta, epe luzerako bideragarritasun plan bat eskatu dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario