S. Velte
Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egin dio Gipuzkoa Aurrera lobbyan parte hartzen jarraitzeari, eta horrenbestez, eten egingo du haren finantzazioa abendutik aurrera, akordioa amaitzen denean. Hala adierazi berri du Martin Garitano ahaldun nagusiak.
Gipuzkoa Aurrera 2008an sortu zuten orduko foru aldundiak (EAJk gobernatuta), Donostiako Udalak, Kutxak, Adegik, Mondragon taldeak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak. Elkarlan publiko-pribatuaren bidez “proiektu estrategikoak sustatzeko” jaio zen. Estrategikotzat definitzen dituzten proiektu horien artean lau dira nagusienak: Pasaiako kanpoko portua, abiadura handiko trena, Hondarribiako aireportua eta Gipuzkoako errepide sarea.
Gipuzkoa Aurrera sortu zuten erakundeetako ordezkariak |
Foru gobernu berriaren iritziko, ordea, elkartea ez da “ez eredu ekonomikoa, ez eta lurraldearen lehentasunak” erabakitzeko tresna egokia. Horren ordez, parte hartzeko sistema berriak bilatu nahi ditu; Garitanoren arabera, Gipuzkoa Aurrera osatzen duten enpresek bertan ere izango dute parte hartzeko aukera.
EAJk kritikatu egin du erabakia, “atzerapausoa” dela argudiatuta. Beste eragile gehienek, ordea, txalotu egin dute: ELA sindikatuaren iritziko, “porlanaren lobbya” diru publikoz ez finantzatzea “berri ona” da. Aralarrek ere ontzat jo du ebazpena.
Bilduk udal eta foru hauteskundeetarako programan jada kritikatzen zuen Gipuzkoa Aurrera, ekonomiaren pribatizazioa zekarrela arrazoituta: “Kudeaketa herritarrek zuzenean hautatutako organoen esku egon beharrean, kapitalari uzten zaio zuzenean”. Eredu hori gainditu eta gizarte “eragile guztiak” barne hartuko dituzten espazioak sortzearen alde agertu zen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario